Atlantikaldiak 10. edizioa ospatuko du

  • Jaialdia irailaren 14tik 17ra ospatuko da ‘Bitakora’ lelopean.
  • Kartelaren irudia Ane Arzelus donostiarraren eta Claudio Garcia
    valentziarraren elkarlana da.
  • Egitaraua osatzeko proposamenak jasotzeko epea apirilaren 20tik
    maiatzaren 20a arte izango da.

Atlantikaldia Kultur Topagune eta Musika Jaialdiak bere 10. edizioa ospatuko
du aurten eta irailaren 14tik 17ra hartuko ditu Errenteriako kaleak ‘Bitakora’
lelopean. Hala adierazi dute gaur, prentsa aurrean, Aizpea Otaegi Errenteriako
alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Josean Ruiz de Azua jaialdiaren
zuzendariak eta Ane Arzelus ilustratzaileak 2014 hartan jaialdia lehen aldiz
aurkeztu zuten leku berean, Zubiaurre kalea eta Zumardia lotzen dituen zubian.

Historikoki Errenteriak itsasoarekin izandako lotura berreskuratu zuen
Atlantikaldiak bere lehen edizioetan; baina ez hori bakarrik, arte diziplina
ezberdinen bidez munduko kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatu
izan du hasieratik. Hala, udalerriaren izaeraren ezaugarri den kultur
aniztasunaren estandarte bihurtuta iritsi da jaialdia 2023ra.

“Urte hauetan zehar artista asko pasa da herriko guneetan kokatutako oholtza
ezberdinetatik, sorkuntza prozesu ugari jarri izan dira martxan, eragileek
egindako proposamen hainbatek osatu du programazioa… orrialde mordoa
idatzi du jada jaialdiak, bidaia ederra osatu du eta hortik tiraka etorri da
jaialdiaren aurtengo leloa: Bitakora”, azaldu dute. “Sortzaileek, eragileek eta
ikusleek jarriko duten hondar alearekin koaderno horretan orrialde berriak
idaztea du helburu aurtengoak”.

Eragileen proposamenak

Ekintza anitzak eskaini izan ditu Atlantikaldiak urtez urte, bai diziplinei
dagokionean eta baita zuzentzen zaizkion publikoari dagokionean ere.
Programazio artistikoa herritik bertatik sortutako proposamenekin osatzeari
esker lortu dute hori.

Izaera horri heldu nahian, proposamenak jasotzeko epea zabalduko dute
apirilaren 20tik maiatzaren 20ra bitarte, bi egun horiek barne. Horretarako,
atlantikaldia.errenteria.eus webgunean dagoen formularioa bete beharko dute
eragileek.

Proposamenak baloratzeko garaian, antolakuntza batzordeak honako irizpide
hauek izango ditu kontuan: urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntzaren bat barneratzea; herritarren parte-
hartzea sustatzea; eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea; eta kultur aniztasuna bultzatzea.

Behin Atlantikaldiak proposamenen balorazioa egin eta gero, igorleekin jarriko
da harremanetan antolakuntza taldea.

Sorkuntzaren aldeko apustua

Atlantikaldiaren zutabe garrantzitsua da sorkuntza. ‘Itsas elkarrizketen’ bidez,
jaialdiaren lehen edizioetatik, jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jarri
izan ditu jaialdiak ikuskizun eta adierazpen artistiko bakarrak sortzeko.

Atlantikaldiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira elkarrizketa hauek
eta sorkuntza prozesuak musika ikuskizunetara ez ezik beste hainbat
diziplinetara ere iritsi dira.

Aurtengo edizioa ere bide horretan indartuko dutela jakinarazi dute. Horren
adibide garbia da jaialdiaren irudi grafikoa; izan ere, Ane Arzelus artista
donostiarrak eta Claudio Garcia diseinatzaile valentziarrak elkarlanean osatu
dute kartela. Gogotik egin dute lan eta emaitza koloretsua sortu dute, tonu
berriekin jolastuz koloreen gainezarpenaren bidez, atmosfera alaia bilatuz.