Errenteriako Udalak poesia lehiaketa estreinatuko du

Gaur, martxoaren 21a, poesiaren munduko eguna da. Horrekin lotuta, Errenteriako Udalak poesia lehiaketa bat jarri du martxan lehen aldiz; izan ere, ekainean, antologia bat argitaratuko da (fisikoki zein digitalki) 23-24 ikasturtean Sihara Nuño poetaren tailerrean sortutako poesia lanekin, eta argitalpen horren parte izatea izango da ekimen berri honen sari nagusia.

Bi modalitate izango ditu lehiaketak, bata euskarazkoa, eta bestea, gaztelaniazkoa. Oinarriak berdinak dira bi kasuetan:

  • Edonork hartu ahal izango du parte.
  • Gaia librea da.
  • Lanek, gehienez, orrialde bateko luzera izan dezakete.

Behin hori guztia kontuan hartuta, edukia presentzialki nahiz emailez entregatzeko aukera egongo da, apirilaren 26ra arte, hurrengo xehetasunekin:

  • Presentzialki egiten bada, Lekuona Fabrikan entregatu beharko da lana, gutunazal batean jasota. Bertan, beharrezkoa izango da datu pertsonalak eta harremanetarako datuak jasotzea. Gainera, gutunazalaren kanpokaldean “Poesia lehiaketa – Concurso de Poesía” idatzi beharko da.
  • Emailez egiten bada, biblioteka.lekuona@errenteria.eus helbidera bidali beharko da lana atxikita. Mezuaren gaiak “Poesia lehiaketa – Concurso de Poesía” izan beharko du, eta gorputzean datu pertsonalak eta harremanetarako datuak gehituko beharko dira.

Lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute nahitaez. Edozein kalte edo erreklamazio izanez gero, parte-hartzaileek izango dute ardura osoa, eta antolatzaileek eta babesleek ez dute inolako erantzukizunik izango. Lehiaketan parte hartzeak arau hauek onartzea dakar: https://kultura.errenteria.eus/app/uploads/sites/3/2024/03/Poesia_lehiaketa-2024_EUS.pdf

Esan bezala, lan irabazleek (euskarazkoak zein gaztelerazkoak) ekainean argitaratuko den ‘Lekuona Fabrika Poesia Antologia’ liburuan argitaratuko dira. Bestelako sari hauek ere banatuko dira, halaber:

  • Lehenengo sariak: poesia liburu sorta bat, Antologiaren 3 ale eta liburutegiko opari kit-a.
  • Bigarren sariak: Antologiaren 2 ale eta liburutegiko opari kit-a.

Irabazleak 2024ko maiatzaren 10ean iragarriko dira, eta epaimahaia antolatzaileek aukeratutako pertsonek osatuko dute. Haien erabakia apelaezina izango da.