Sorgingarra jaia antolatu du Orereta Ikastolak

Sorgingarra jaia antolatu du Orereta Ikastolak bigarrenez. Udaburuko suaren lehen garraren jaia da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa.

Ekainaren 17an ospatuko da, ilunabarrez. 19:00etan udaburuko suaren lehen garra piztuko da Agirre Lehendakaria plazan. Aitzbitarteko Lagunak elkarteko ordezkariak arduratuko dira horretaz. Larruz jantzita, ardagaia erabiliko dute udaburuko suaren lehen garra pizteko.

19:15ean, piztutako txinparta buru, Sorgingar kalejira abiatuko da Agirre Lehendakaria plazatik bertatik. Herriko plazara heldu aurretik, Gamon zumarditik, Biteri Txiki kaletik, Xabier Olaskoaga plazatik, Alfontso XI.a eta Biteri kaleetatik, Koldo Mitxelena plazatik, eta Maria de Lezo eta Maddalen kaleetatik pasako da Irurtzungo Orritz lskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek, eta Erriola konpartsak gidatutako kalejira. Xabier Olaskoaga eta Koldo Mitxelena plazetan geldialdiak egingo ditu emanaldi banaz gozatzeko. Udaburuko suaren lehen garra San Joan bezperara arte piztuta mantentzea da asmoa.

Ibilbidea:

Bereziki eskertu nahi ditu Ikastolak Sorgingarra antolatzera ilusio eta gogoz batu zaizkion eragile laguntzaileak: herriko Aitzbitarteko Lagunak elkartea eta Irurtzungo Orritz lskidi konpartsa, hain justu; Erriola konpartsarekin ahaztu gabe.

Horiek esanda, herritar oro gonbidatu nahi du Ikastolak Sorgingarrean parte hartzera, Sorgingarrak ere herritik sortu eta herriarentzako zein herritarrentzako festa izan nahi baitu.