Apirila-ekaina bitarteko arte eszenikoen programazio zabala aurkeztu du gaur Udalak

 

Apirila eta ekaina bitartean, arte eszenikoen programazio zabala eskainiko da Niessen Kulturgunean eta Lekuona Fabrikan adin zein gustu guztietara zuzenduta. Kalitate handiko lanak ikusteko, eta punta-puntako antzezleekin eta dantzariekin gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek.

Apirileko lehen ikuskizuna hilaren 14an izango da Niessen Kulturgunean. Bertan, Ezezagunok konpainiak ‘Exacticamente diversa’ aurkeztuko du 19:00etan. Lewis Carroll-en ‘Alizia lurralde harrigarrian’ istoriotik abiatuta, mugak gainditzeko barne-bidaia batean murgiltzen da antzezlana.

Antzerkiari jarraipena ematen, Khea Ziater konpainiaren ‘La sed del minotauro’ helduko da apirilaren 20an, 19:00etan Niessen Kulturgunera. Kafe-taberna txiki batean gertatzen da dena, mundutik ihesi maitasunaren bila dabiltzan protagonistekin.

Halaber, Spasmo Teatro-ren ‘Historiako obrarik onena’ ibilbide kulturalean murgildu ahal izango da apirilaren 26an 18:00etan Niessen Kulturgunera gerturatzen den oro. Haurrei zuzendua, munduko museorik esanguratsuenetatik eta horien artelanetatik barrena bidaiatuko du ikusleak.

Antzerkiak bezalaxe, musikak ere izango du bere lekua hilabete hauetan zehar. Horien artean dago, besteak beste, ‘Bele’, Lide Hernandoren musika proiektu berria. Haurtzarotik maite izan dituen tradizio afroamerikarreko musika estiloetara itzuliko da Lide, betiere gaur egungo soinu urbanoetara eta pop estiloaren egituretara egokituta.

Apirila indartsu bukatu, eta antzera hasiko da maiatza ere; izan ere, bi antzezlanek eta beste bi kontzertuek osatuko dute hilabetea. Antzezlanetan lehena, haurrei zuzendua, Teatro Plus-en ‘Gemotería del alma’ izango da. Fusio berezi batetik abiatuta, teoria alternatibo bat proposatuko du lan honek maiatzaren 3an, 18:00etan Niessen Kulturgunean. Kontzertuei dagokienez, berriz, Bengo artista oiartzuarrak eta Ibil Bedi talde nafarrak ‘Bizirik’ eta ‘Goldea’ izeneko beren azken lanak ekarriko dituzte maiatzaren 11ean, 20:00etan Lekuona Fabrikara. Antzerkira berriro salto eginda, Vaiven Teatro-ren ‘Familia Sarekada’ izango da hilabeteko bigarrena, eta abenturaz betetako Villaorduña familiaren istoria gertutik ezagutu nahi duenak Niessen Kulturgunera gerturatu beharko du maiatzaren 26an 19:00etan. Maiatza bukatzeko, esan bezala, bigarren kontzertu bat: Joxan Goikoetxeak zuzenduta, Imanol Larzabal abeslari donostiarraren obran oinarritutakoa. Bertan, Landarbaso eta Kontari abesbatzek eta gonbidatu gehiagok hartuko dute parte.

Hiruhilabetea borobiltzeko, ekainaren 2an, 20:00etan Lekuona Fabrikan, ‘Giza zarata’ aurkeztuko du kontzertuan Anarik, zortzi urteren ostean “askoz era libreago batean” egindako lana, hain zuzen. Ondoren, ekainaren 14an ‘Atearen bestaldean’ antzezlanarekin helduko da Hika Teatroa 18:00etan Niessen Kulturgunera.

Ikuskizunen sarrerak gaur egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan (ikuskizun guztien aforoaren % 10 salmenta presentzialerako gordeko dira). Gainera, ikuskizunaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera bakoitzak 9 euroko prezioa du, familiei zuzendutako bakoitzak, aldiz, 3,5 eurokoa, eta kontzertuek 10 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek % 20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.