Afagi Alzheimer Gipuzkoa elkartearen aldeko kontzertu solidarioa eskainiko dute igandean

Niessen Elkarteak antolatuta, igandean, hilak 12, eguerdiko 12:00etan, Afagi Alzheimer Gipuzkoa elkartearen aldeko kontzertu solidarioa izango da Madalena basilikan.

Musika errepertorioa Donostiako Easo Abesbatzako beteranoen taldeak eskainiko du.

Sarrera doakoa izango den arren, bertaratzen direnek diru-ekarpena egin ahal izango dute sarreran egongo den kutxan. Jasotako diru guztia Afagiri laguntzeko izango dela jakinarazi dute Niessen Elkartetik.

Afagi 1991tik ari da lanean, Alzheimerra duten pertsonen senitartekoen talde batek bultzatuta, eta gaixotasunari buruzko informazio gutxi eta ezjakintasuna ikusita, antolatu eta elkarri laguntzea erabaki zuten.