Cristobal Aguiló Dominguezen ‘No te pierdas nada’ lanak iragarriko ditu 2023ko Madalenak

Cartagenako Cristobal Aguiló Dominguezen ‘No te pierdas nada’ kartelak irabazi du XXXVII. Madalenetako Kartel Lehiaketa. Arkaitz Barriola eta Koro Herrero diseinatzaileek, Garbiñe Ramirez Xenpelar tailerretako irakasleak, José Manuel Martinez Jai Batzordeko kideak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak osatutako epaimahaikoak 152 lanen artean hautatu du gaur, maiatzaren 31a, eta beraz, hori izango da 2023ko Madalenak iragarriko dituen kartela. Aldi berean, haurren kategorian Joanes Arrieta Izagirren ‘Madalenetan gaude’ lana izan da hautatua haurren programazioko irudi gisa 102 proposamenen artetik.

Aguilók 1.050 euro jasoko ditu sari gisa eta Joanes Arrietak 150 euro eskola materialean gastatzeko.

Nora Guijarro Sosa errenteriarrak ere saria jaso du. Bera izan da publikoaren boto gehien jaso dituen ‘Danborra kartela’ lanaren egilea. Hori dela eta, Herri Saria jasoko du: uztailaren 21ean izango den Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen.

Kultura Sailetik eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaileei herriko jaiak iragartzeko proposamenak bidaltzeagatik eta euren jatorri anitzak azpimarratu dituzte.

Era berean, Herri Saria erabakitzeko boto ugari bildu dituztela azaldu dute eta ekainaren 3 bitarte Xenpelar Etxean zabalik egongo den erakusketa bisitatzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.