2023-2024 ikasturterako Xenpelar Tailerren eskaintza aurkeztu dute gaur

2023-2024 ikasturtean Xenpelar Tailerrek eskainiko dituzten ikastaroak aurkeztu ditu gaur Maite Gartzia jarduneko Kultura zinegotziak.

Xenpelar Tailerren 50. urteurrena ospatzen den urte honetan eskaintza zabala diseinatu dute. 50 ikastaro, guztiak ere helduei zuzendutakoak, urtekoak eta lauhilekoak, hainbat diziplinatan banatuta: pintura, zeramika, argazkigintza, egur tailla, altzarien zaharberritzea eta patchworka. Astean 2 eta 6 ordu arteko iraupena izango dute.

Ikastaroen matrikulazioa 2023ko irailaren 4an hasiko da eta hilaren 15ean bukatu. Epealdi honetan kultura.errenteria.eus/xenpelar-tailerrak webgunean egin ahal izango da matrikulazio eskaera. Modu presentziala nahiago duten herritarrek, aldiz, ZU! Zure Udala herritarren arreta zerbitzuan izango dute horretarako aukera irailaren 11tik 15era, beti ere aurretik hitzordua eskatu badute 943 449600 edo 010 telefono zenbakietara deituta hilaren 7a eta 15a bitarte.

Interesdun guztiek plaza lortzeko aukera bera izan dezaten, esleipena zozketa bidez egingo da eskaera kopurua plaza kopurua baino handiagoa den ikastaroetan. Izen-emateak, beraz, ez du plaza bermatuko.

Iaz egin zen moduan, tasak norberaren gaitasun ekonomikoaren arabera zehaztuko dira. Horretarako, matrikularekin batera, eskaera eredu normalizatuan egin beharko da, bai online eta bai presentzialki. Ebazpena ondoren egingo da.

Informazio guztia Xenpelar Tailerren webgunean edo 943 449635 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke.