Errenteriako Musika Bandak “Suite Galaica” obra eskainiko du larunbatean Atlantikaldian

Abuztuko etenaldiaren ostean, Errenteriako Musika Bandak denboraldiko bigarren zatiari helduko dio, Atlantikaldiaren barruan larunbatean eguerdiko 12:30ean Herriko Plazan eskainiko duen kontzertuarekin hasita.

“Bi Lurralde Hizkuntza Bat” izenburupean, Musika Bandak Galizia eta Euskal Herriaren arteko musika bidaia proposatuko du, Anton Alcalde konpositore galiziarraren “Suite Galaica” obra ardatz nagusi hartuta.

Kontzertuan Errenteriako Musika Bandarekin batera, Gipuzkoako Galizia Etxeko Gaitero taldeak hartuko du parte. Bertan, bertaratutakoei zerbitzatuko zaien “queimadaren” konjurua egingo da zuzenean.

Alain Ayerdi Gurpegiren zuzendaritzapean, “Bi lurralde, hizkuntza bat” proiektuak, bi lurraldeetako erritmoak eta musika uztartzea du helburu, elkarren arteko harmonia eta erritmoen fusioa zuzenean eskaintzea alegia.