Butakat, gazteentzako ikusle tailerra antolatu dute Lekuona Fabrikan

Errenteriako Udalak Butakat, 2006 eta 2009 artean jaiotako gaztetxoentzako ikusle tailerra jarri du abian, euren ikusle bizitzari gehiago eskatzen dioten gazteei zuzendutakoa, hain zuzen ere.

2023-24 ikasturtean, urritik ekainera, hilean behin elkartuko dira (17:30etik 19:30era) parte-hartzaileak diziplina anitzetako artistekin hartu-eman berezia partekatzera. Asmoa da, gazteei publiko gisa duten esperientzia hobetzeko tresnak eskaintzea baina ez teoriatik, baizik eta sorkuntza-prozesuaren hainbat esparruren bizipenetik.

Saioetako bakoitzak gai desberdin bat jorratuko du eta artista, konpainia edo arte eszenikoekin lotura duen eragile ezberdinak izango dira horien gidari. Dejabu antzerki konpainia errenteriarreko eta Jakinmin elkarteko kideek eskainiko dute lehen saioa: urriaren 24an izango da eta ‘Zergatik sortu?’ gaia izango du oinarri.

Ondorengo saioetara etorriko dira Kukai Dantza, Hika Teatroa, Horman Poster, Goitibera Teatro edo Trapu Zaharra konpainietako artistak, besteak beste.

Gainera, 2024ko urritik abendura, Formol Laborategiak gidatuko duen sorkuntza prozesu batean parte hartzeko aukera izango dute izena emandakoek

Tailerrak Lekuona Fabrikan izango dira eta izen-ematea doakoa da. Interesdunek gaur, hilak 6, hasi eta urriaren 17ra arte izango dute inskribatzeko aukera sarrerak.errenteria.eus webgunean eta baita Lekuona Fabrikan ere.

Egitarau osoa kultura.errenteria.eus webgunean osatu duten ‘Butakat, ikusle tailerra’ orrialdean dago eskuragarri.