Filosofiaren Plazako saioei ekingo zaie berriz Lekuona Fabrikan

  • Filosofiaren Plazaren hirugarren edizioan, diziplina ezberdinetako artistekin elkarlanean jarraituko dute Lehen Hezkuntzako 4-6. mailetako gaztetxoek
  • Azaroaren 3an hasita, hilean behin izango dira saioak, 17.30etik 19.30era
  • Izen-ematea doakoa da eta sarrerak.errenteria.eus webgunean nahiz Lekuona Fabrikan egin daiteke.

Sormenaz gozatzeko, harekin jolasteko, ikertzeko eta haren inguruan pentsatzeko hastear da berriz ere Filosofiaren Plaza egitasmoa Lekuona Fabrikan. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Iazko ikasturtean bezala, hilean behin ostiral batean elkartuko dira parte-hartzaileak, bi orduko saioan, patxadaz eta giro ludikoan, herriko artista batekin eta Haur Filosofia bideratzaile batekin elkarlanean aritzeko. Azaroaren 3an izango dute lehen hitzordua eta izen-ematea zabalik da dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean edo Lekuona Fabrikan. Doako jarduera da.

Teorian sormena miresten duen gizarte honetan, sarritan haurrei ez zaizkie eskaintzen sortzaile sena garatzeko beharrezkoak dituzten testuingurua, denbora eta laguntza. Paradoxa horri aurre egin nahian eta 9-12 urteko herritarrei (Lehen Hezkuntzako 4-6 mailak) euren sormenaren taupada deskubritzen edo sustatzen laguntzeko, pentsamendu filosofikoa eta artea bat egiten dituen proiektua jaio zen Lekuona Fabrikan 2022ko udaberrian.

Plaza Horian, diziplina ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera dute gaztetxoek, sortzaile ezberdinen eskutik. Antzerkia, musika, margolaritza, jostailuen diseinua, dantza, literatura eta bestelako esparruak inguratzen dituzten prozesuak, aurrekariak, zergatiak eta produktuak aurkezten zaizkie. Aurreko bi edizioetan, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Ibai Maritxalar, Eva Díaz de Isla, Joxemari Carrere, Idoia Hernandez ‘Hatxe’, Xabier Obeso, Ander Fernandez, Alain Maya, Ibon Huarte eta Gema Ines Murillo izan ziren sortzaile parte-hartzaileak. Edizio berri honetan, beste izen batzuk gehituko dira zerrenda horretara.

Artisten lanetik abiatuko dira saioak eta, ondoren, haurrak protagonista bihurtu eta elkarrizketa filosofikoan arituko dira, Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteko Xabi Salaberria eta Eva Domingo bidelagun dituztela. Horrela bada, gaztetxoek kreatibitatearen inguruko hausnarketa egingo dute.

Saio bakoitzaren bigarren zatian, berriz, sortzeko aukera izango dute haurrek. Alor ezberdinekin lotutako materialak izango dituzte eta, askatasunez, sormen propioarekin esperimentatzen hasteko tartea eskainiko zaie.