‘Hitz egin dezagun…heriotzaz’ zikloa abiatuko dute Lekuona Fabrikan

Urriaren amaieran, ‘Hitz egin dezagun…’ ekimenaren lehen zikloa abiatuko da Lekuona Fabrikan. Formatu berri horren bidez, partekatzeko zailak izan daitezkeen gaiei ikuspegi anitzetatik heldu nahi zaie parte-hartzaileek horren inguruan hitz egiteko aukera izan dezaten.

Heriotza izango da lehen topaketa hauetarako hautatu duten gaia: alderdi horrek ezinbestean osatzen du bizitzaren zati bat, baina, aldi berean, beste pertsona batzuekin hitz egitea eta partekatzea zaila egiten den gaia da.

Hala, ikuspuntu ezberdinetatik gaia lantzeko 4 jarduera proposatu dituzte. Saioak Lekuna Fabrikan izango dira 18:30ean eta parte hartzeko ez da izen-ematerik egin beharko.

Ondorengoa da egitaraua:

  • Urriak 20, 18:30ean: Dolu perinatala. Gure hildakoak familian oroitzen.

Sihara Nuño idazlea eta Naroa Martínez Suarezek, galeren, heriotzaren eta doluaren pedagogian espezializatuak dinamizatuta. Gaztelaniaz.

  • Urriak 24, 18:30ean: Bizi testamentua.

Derecho a Morir Dignamente elkartetik, heriotza nola izatea nahi dugun aukeratzeko moduak badaudela azalduko dute. Ele bitan.

  • Urriak 26, 18:30ean: Heriotza eta dolua haurren hezkuntza… eta literaturan

Txabi Arnal Gil, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta idazlearen eskutik. Heriotza eta dolua umearen heziketaren parte izatearen garrantziaz hausnartuko da. Euskaraz.

  • Urriak 31, 18:30ean: Gau beltza. Zatoz lagunekin beldurra pasatzera.

12-16 urte bitarteko gazteek, taldeka, asmakizunak, erronkak eta mahai-jokoez osatutako pista jolasa jarraituko dute.