Madalenak 2023: Jai Batzordearen mezua

Jai Batzordeak ondorengo mezua zabaldu nahi izan die herritarrei aurtengo Madalenei begira:

Ate joka ditugu 2023ko Madalenak eta, ohi bezala, herriko jaiak festa giroan gozatzeko aukera izango dugu uztailaren 21aren aurreko egunetan hasi eta uztailaren 25a bitarte. Gogotsu gaude!

Programan jasota daude hilabete hauetan auzolanean landutako ekintzak eta pozik gaude horregatik. Izan ere, gure nahia baita jaiak herritik eta herriarentzat izatea.

Egitarau zabala dugu aurten ere; ilusioz prestatutako 130 ekintzatik gora antolatu ditugu herritar eta bisitari guztien gozagarri: erakusketak, antzerkia, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak… Askotariko ekintzak, beraz, eguneko zein gaueko programa osatzeko. Horietatik guztietatik 50 inguru izango dira musika emanaldiak, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta.

Txupinaren jaurtiketa une berezia izaten herritarrontzat eta horrela izan dadin, denon txupinazoaren aldeko deialdia egin nahi genuke: uztailaren 21a, 19:00etan, Herriko plaza adin guztietako lagunen topagune egingo dugu!

Hori, baina, ez da izango txupinazoa bizitzeko aukera bakarra, Mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta Zumardiko pantaila erraldoia ere izango ditugu.

Era berean, etxetik edo munduko beste edozein lekutik txupinaren jaurtiketa streaming bidez ikusteko aukera izango da, zuzenean, Herri Bizia webgunean. Hala, denek izango dugu aukera, gauden lekuan gaudela, guretzat horren berezia den momentuaz gozatzeko.

Ezin ahaztu ere, momentu garrantzitsu honen aurretik, elkarlanaren lehenengo topagunea den “Herri Bazkaria”, uztailaren 21ean 14:00etan Herriko plazan.

Bazkariaz gozatzeko tiketak 16 euroko kostua du helduentzat eta 10 eurokoa haurrentzat. Menu beganoa ere izango du nahi duenak 16 euroan; horretarako, mezua bidali beharko du kultura@errenteria.eus helbidera, behin tiketa erosita duenean.

Tiketak astelehen arratsaldean, uztailaren 3an, jarriko dira salgai eta uztailaren 12a arte izango da erosteko aukera ondorengo lekuetan: Reyna taberna (Zumardia) eta Xera Gastroteka (Xabier Olaskoaga plaza).

Helduen menua 16€

  • Entsalada mixtoa
  • Langostinoak
  • Oilaskoa parrilan egina
  • Limoizko sorbetea

Haurren menua 10€

  • Kroketak
  • Patea
  • Oilaskoa parrilan
  • Izozkia

Menu beganoa 16€

  • Entsalada mixtoa
  • Kroketa beganoak
  • Lasaña beganoa
  • Limoizko sorbete beganoa

Jakinarazi nahi dugu ere, Madalenetako zapiak salgai jarriko direla astelehenetik aurrera, 6 euroan, ondorengo lekuetan:

  • Erdialdea: Hostoak, Mª Asun Lentzeria, Paris Mertzeria, Ikusi Makusi, Rosmy, ADN Estética
  • Lartzabal: Lartzabal Taberna
  • Gabierrota: Zubia Kafetegia
  • Fanderia: Fanderia Gozo-denda
  • Agustinak: Uriña
  • Alaberga: Graficas Diana
  • Kaputxinoak: Geza eta Gazia Gozo-denda, Sorgintxulo Estankoa
  • Beraun: Koro Oinetakoak
  • Pontika: Eder Gozo-denda
  • Galtzaraborda: Parke gozo-denda
  • Iztieta: Almacenes Iztieta, Casamayor
  • Olibet: Lekuona Fabrikako Kantina

Amaitzeko jai batzordearen apustua da jaiak guztion gozamenerako izatea, eta jaiez libre gozatu ahal izatea; ez garelako ausartak izan behar libreak baizik. Horregatik, erasorik gabeko Madalenak helburu duten neurriekin bat egiten dugu.

Guk, Madalen jaiak prestatzen gozatu dugun adina gozatuko dugu festak bizitzen, eta herritarrek ere hala goza ditzaten espero dugu: jaiak marraztuz, jaietan parte hartuz, jai herrikoiak biziz.