Elkartasunaren Motorra 2023 ekitaldiak 4.500€ baino gehiago bildu ditu Juneren Hegoak eta Mowat Wilson elkarteentzat

Joan den ekainaren 10ean Errenteriako kaleetan Elkartasunaren Motorra ekitaldi solidarioaren edizio berri bat egin zen. Ekitaldi horrek ibilgailu klasikoz betetzen ditu urtero herriko kaleak, eta aurten 150 autok eta ehun bat motok hartu dute parte. Horrez gain, Rockalean, Kolpez Blai, Eureka, Radio Rebelde, Baipass, Pablo Malabarista, goizeko zumba, bermuteoa, haurrentzako jarduerak, scalextric txapelketa eta Slot Txapelketa bat ere izan ziren eguna biribiltzeko asmoz.  Jendearen parte-hartzeari esker, ekitaldiak 4510,29 € bildu zituen, Juneren Hegoak eta Aesmowi elkarteentzat.

Alde batetik, aurten hamargarren urteurrena ospatzen ari den Juneren Hegoak elkarteak kalteberatasun-egoeran dauden eta gaixotasunak, dibertsitate funtzionaleko egoerak edota adingabeen dolua jasaten ari diren Euskadiko familientzat laguntza-sare bat sortzea du helburu.

Bestetik, Mowat Wilson Sindromearen Espainiako Elkartea (AESMOWI) 2017an sortu zen, Espainian 38 pertsonei eragiten dien sindrome hori duen norbaitekin bizi diren familiak artatzeko. Funtzio fisiko eta intelektual jakin batzuei eragiten dien eta osagai genetikoa duen gaixotasuna da hain zuzen ere.

Joan den ostiralean, hilak 14an, antolakuntzak txekea eman zien elkarteei eta aurten lortutako emaitzarekin pozik daudela adierazi zuten, 2024an burutuko den hurrengo edizioan pentsatzen hasiak direla aurreratuz. Bestalde, elkarteek esker ona adierazi zuten eta lortutako etekinak artatzen dituzten familiei laguntzeko eta haien beharrak asetzeko erabiliko direla adierazi zuten.