Apirila eta ekaina bitarteko arte eszenikoen programazio zabala aurkeztu du gaur Udalak

Apirila eta ekaina bitartean arte eszeniko eta musika programazio zabala eskainiko dute Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak adin zein gustu guztietara zuzenduta. Kalitate handiko lanak ikusteko eta punta-puntako dantzari, antzezle zein musikariz gozatzeko aukera edukiko dute bertara gerturatzen direnek.

Apirileko lehen ikuskizuna 14an iritsiko da Sun eta Marsel magoen ‘Zientzialariak’ izeneko antzezlanarekin. Gargot irakasleak eta Ladelai magoak ikusleak asmakizunen mundu zoragarrian murgilaraziko dituzte, ilusionismoaren eta efektu berezien nondik norakoak ezagutuz. Publiko familiarrari zuzendutako emanaldi hau 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Lekuona Fabrika dantzan jarriko duen La Sra. Tomasa talde kataluniarrak ‘Alegre pero peligroso’ diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du hilaren 22an bere ezaugarri duen alaitasuna entzuleei kutsatuz. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Antzerki ikuskizunekin jarraituz, hilaren 30ean, Metrokoadroka konpainiaren ‘Zeozertan dabil baina ez dakit zertan’ lana ikusteko parada izango da arratsaldeko 19:00etan Niessen Kulturgunean. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesia bisualaren arteko obra da. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana.

Maiatza indartsu hasiko da; izan ere, Maitane Sarraldek ‘Desªnuda’ dantza ikuskizuna eskainiko du publiko familiarrari zuzenduta hilaren 12an. Korapiloaz eta hustasun biluziari buruzko dantza garaikideko emanaldi hau arratsaldeko 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Hilaren 13an, Formol Laborategiak ‘Album’ antzezlana emango du azkenengoz. Bira amaiera proposamen bereziarekin ospatuko dute; izan ere, antzezlanaren ondoren Merina Gris musika taldeak kontzertua eskainiko baitu oholtza berean. Gainera, bien bitartean Dj Miauren musika gozatzeko aukera izango du publikoak. 20:00etan izango da Lekuona Fabrikan.

Amaitzeko, Partekatu proiektuak ‘Hombre al agua’ antzezlana eskainiko du Lekuona Fabrikan. Maskulinitatearen gaiari heltzen dion obra honek bere kontzeptuari erantzuten ez badio ere, horri buruzko galdera berriak planteatzen ditu, ikuspegi hurbiletik, intimotik eta berritzailetik. Bi saio eskainiko dituzte: lehena ekainaren 3an izango da arratsaldeko 20:00, eta bigarrena, aldiz, hilaren 4an 19:00etan.

Ikuskizunen sarrerak bihar, hilak 31, egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan (ikuskizun guztien aforoaren %10 salmenta presentzialerako gordeko dira). Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 9 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3,5 euroan. Musika kontzertuen prezioa, berriz, 10 eurokoa izango da. Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.