Urria eta abendua bitarteko arte eszenikoen programazio zabala aurkeztu du gaur Udalak

Urria eta abendua bitartean musika eta arte eszenikoen programazio zabala eskainiko da Lekuona Fabrikan eta Niessen Kulturgunean adin zein gustu guztietara zuzenduta. Kalitate handiko lanak ikusteko eta punta-puntako antzezle, dantzari nahiz musikariz gozatzeko aukera edukiko dute bertara gerturatzen diren guztiek.

Urriko lehen ikuskizuna hilaren 7an iritsiko da Lekuona Fabrikara. Hofe x 4:40 taldeak eta Ben Yart iruindar gazteak indarrez eta bizitasunez beteriko kontzertua eskainiko dute. Belamobb taldeak emango dio hasiera jaialdiari arratsaldeko 19:00etan telonero gisa eta Dj Sara Goxua arduratuko da espazioa girotzeaz taldeen aldaketak egiten diren bitartean.

Dantzak ere protagonismo handia edukiko du hilabete hauetan zehar. Lehen obra, ‘La fregona de Mr. Mutt’, urriaren 20ean eskainiko du Ma Compagnie-Marc Lacourt konpainiak eta publiko familiarrari zuzenduta egongo da. Lan honek artearen historiaren arrastroa, keinuaren fintasuna eta dantzaren plazera jarraitzera bultzatuko du publikoa haurren konplizitateaz baliatuz. Arratsaldeko 18:00etan izango da Niessen Kulturgunean.

Dantza ikuskizunekin jarraituz, hilaren 22an, Cielo Raso konpainiaren ‘Hamaika’ obra ikusteko parada izango da arratsaldeko 19:00etan Niessen Kulturgunean. Aretoko pieza bat da, taldearen 11 urteko ibilbide sortzailea hautsi eta nabarmentzen duena. Malgua da eta ezberdintasunari, generoari eta askatasunari balioa ematen dio.

Urriko azken ikuskizuna 29an eskainiko den antzezlan bat izango da, Perigallo Teatroren eskutik iritsiko den ‘Cabezas de cartel’ alegia. Lan honetan, antzerki konpainia bat zuzen jokatuz askeak izateari buruzko emanaldi bat prestatzen ari da. Sortze-prozesuaren une kritiko batean printzipio etikoak eta garrantzitsuak sentitzeko beharra aurrez aurre jarriko dira. Emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Azaroa indartsu hasiko da; izan ere, Anita Maravillas konpainiak ‘Andereño’ antzerki ikuskizuna eskainiko du publiko familiarrari zuzenduta hilaren 10ean. Gerra garaiko andereñoei omenaldia egin nahi die lan honek, horretarako, alegiazko ipuinetan oinarritutako estetika sortuz. Ikuskizuna arratsaldeko 18:00etan izango da Niessen Kulturgunean.

Gari & Maldanbera taldeak ‘Gari&Maldanbera. Zuzenean 2022’ izeneko diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du hilaren 18an Lekuona Fabrikan; artistaren zuzeneko lehen lana. Emanaldia 20:00etan hasiko da.

Hilaren 19an, Tartean teatroak ‘Kortxoaren dilema’ antzezlana aurkeztuko du arratsaldeko 19:00etan Niessen Kulturgunean; etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joku teatrala hain zuzen.

Azaroari amaiera ezin hobea emateko, De Ste Xeito Producciones konpainia galiziarra izango da Niessen Kulturgunean hilaren 25ean adin guztiei zuzendutako ‘Feminíssimas’ proposamenarekin, arratsaldeko 19:00etan. Lan honetan umorea, ironia eta konplizitatea erabiltzen dituzte adiskidetasuna zalantzan jarri eta emakumeak nola bizi diren aztertzeko.

Mediterránea antzerki konpainiak sortutako ‘El enterrador’ ikuskizunarekin hasiko da abendua. Obra hau Gerra Zibileko eta gerraosteko basakeriaren erdian gizatasunaren eta duintasunaren eredu izan ziren pertsonei zuzendutako omenaldia da. Emanaldia hilaren 16an izango da, arratsaldeko 20:00etan, Niessen Kulturgunean.

Gabon garaia girotzeko asmoz, Euskadiko 12 ahots hoberenez osatutako Goizargi Gospel Choir abesbatza Lekuona Fabrikara iritsiko da bere indar eta alaitasuna jendeari kutsatzeko prest hilaren 23an arratsaldeko 20:00etan.

Urteko programazioarekin amaitzeko, Teatro Paraíso konpainiak ‘Kutxa artean’ antzezlana eskainiko du. Umorez beteriko istorio honetan kutxa batzuetan bizi diren bi lagunek leku ameslarietarako bidaiak imajinatuko dituzte. Publiko familiarrari zuzendutako azken emanaldi hau abenduaren 30ean izango da arratsaldeko 18:00etan Niessen Kulturgunean.

Ikuskizunen sarrerak gaur egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan (ikuskizun guztien aforoaren %10 salmenta presentzialerako gordeko dira). Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 9 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3,5 euroan. Musika kontzertuen prezioa, berriz, 10 eurokoa izango da. Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.