Urtarrila-martxoa bitarteko arte eszenikoen programazio zabala aurkeztu du gaur Udalak

Urtarrila eta martxoa bitartean, arte eszenikoen programazio zabala eskainiko da Niessen Kulturgunean eta Lekuona Fabrikan adin zein gustu guztietara zuzenduta. Kalitate handiko lanak ikusteko, eta punta-puntako antzezleekin eta dantzariekin gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek; hala adierazi dute gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Jose Antonio Ruiz de Azua Kultura teknikariak eta Kike Ochoa Golden Apple Quartet-eko kideak.

Urtarrileko lehen ikuskizuna hilaren 14an iritsiko da Niessen Kulturgunera. Titzina konpainiak ‘Búho’ antzezlana aurkeztuko du 19:00etan, eta bertan, protagonistaren nortasuna berreskuratzeko bidean, haren oroimenean zehar bidaiatuko du ikusleak.

Antzerkiari jarraipena ematen, Marie de Jongh konpainiaren ‘Mr Bo’ antzezlana ikusi ahal izango da urtarrilaren 26an, 18:00etan Niessen Kulturgunean. Haurrei zuzendua, clownetik eta naifetik kontatuko da ‘Mr Bo’ protagonistaren istorioa.

Antzerkiak bezalaxe, dantzak ere protagonismoa izango du hilabete hauetan zehar, eta, besteak beste, Ereintza Dantza Taldeak eta Herri Arte Eskolak dantza eta musika emanaldia ekarriko dute Niessen Kulturgunera, urtarrilaren 27an 19:00etan. Euskal lurraldeetako dantza, musika eta jantzi tradizionalak uztartuta, elkarlanean sortu duten hirugarren emanaldia izango da.

Halaber, urtarrilaren 28an 19:00etan, Golden Apple Quartet-en agur-bira helduko da Niessen Kulturgunera, eta hamarkadetan zehar ikusleekin partekatutako musika-ibilbidea eskainiko du laukoteak ‘Vamos que nos vamos’ ikuskizunean. Taldeko kide den Kike Ochoak ikuskizun honen berezitasuna nabarmendu nahi izan du programazioaren aurkezpenean. Errenteriarra izanik, oso pozik agertu da herriari ospe handiko agurra emateko aukera izateagatik, eta ziurtatu du gerturatzen den orok izugarri ondo pasako duela, hori baita beren helburua.

Berriro dantzara salto egin, eta urtarrilaren 31ean, 19:00etan Niessen Kulturgunean, Zu Dantzan! NOED prozesuaren aurkezpena egingo du DAB konpainiak. Helburua izango da artea aldaketarako eragile indartsua dela erakustea.

Urtarrila indartsu bukatu, eta antzera hasiko da otsaila ere; izan ere, Olatz Gorrotxaregiren ‘Mierda de ciudad’ antzerkiak porrotari buruzko gogoeta egiten lagunduko du, otsailaren 4ean, 19:00etan Niessen Kulturgunean.

Horrekin batera, teknologiaren erabilera zuzenari buruzko mezua bidaliko du Hodei magoak ‘Sentsazioak 2.0’ ikuskizunarekin, otsailaren 23an, 18:00etan Niessen Kulturgunean.

Hiruhilabetea borobiltzeko, bi antzerkiekin osatuko da martxoa: horietako lehena, ‘Victoria viene a cenar’, Pisando Escenarioren eskutik, Clara Campoamorren eta Victoria Kenten omenezko lana, hilaren 9an 20:00etan Niessen Kulturgunean. Bigarrena, berriz, Thomas Noon Dance-en eskutik, ipuin hindu batean oinarritutako ‘La gata que quería cambiar la historia’, hilaren 22an, 18:00etan Lekuona Fabrikan. Publiko familiarrari zuzendutako ikuskizuna da.

Ikuskizunen sarrerak gaur egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan (ikuskizun guztien aforoaren % 10 salmenta presentzialerako gordeko dira). Gainera, ikuskizunaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera bakoitzak 9 euroko prezioa du, eta familiei zuzendutako bakoitzak, aldiz, 3,5 eurokoa. Urtarrileko dantza ikuskizunak doan izango dira. Kultura txartelaren titularrek % 20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.