Herritarrek aukeratu dute DYA elkartea Madalenetako omendu gisa

Ausaz eratutako 19 herritarren batzordeak DYA laguntza elkartea hautatu dute 2024ko Madalen jaietako omendua izateko. Herritarrek proposatu eta herritarrek hautaturiko omendutako elkartearen ordezkariak herriko jaietako txupina botatzeko ohorea izango du.
Erabakia hartu duten herritarrek hiru argudio nagusi nabarmendu dituzte aintzatespena erabakitzeko garaian. Hain zuzen ere, elkartearen izaera boluntarioa, zabala eta herrian duen errotzea aipatu dituzte arrazoi gisa euren erabakia udal alderdi politikoei azaltzerakoan. DYAn egiten den lan boluntarioa izan da erabakia hartu dutenen artean gailendu den argudioetako bat, ahaztu gabe gizarte osoari “bereizkeriarik gabe” eman izan dioten arreta. Azkenik, ez dute ahaztu nahi izan elkartea duela 50 urte ezartzen hasi zela Gipuzkoan, tartean Errenterian.
Herritarren batzordeak hiru hautagaitzen artean aukeratu egin behar izan du. DYA-rekin batera Txema Arenzanak eta Oliver Nestarrek osatzen zuten hirukoa.
Aukeraketa sistema hau iaz onartu zen herriko jaietan omenaldi sariak emateari buruzko ordenantza arautzailearen ondorioa da. Araudi hau aurten sartu da indarrean eta bere ekarpenen artean daude omendu proposamenak egiteko aukera herritar orori zabaltzea eta azken erabakia ausaz aukeratutako herritar batzorde baten esku uztea. Madalen jaiak herrikoiagoak izatea ez ezik, horrelako ekimenek bilatzen dute herritarrak udal kudeaketan parte hartzea modu berrietan.
Erabakitze prozesua
Martxoaren 1etik 30era, herrian erroldatutako herritarrek, herriko eragile zein elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Madalenetako omendua izateko hautagaiak aurkeztu ahal izan zuten. Aukeraketa moduaren lehen urte honetan, bost hautagaitza aurkeztu ziren.
Proposamenak jasota, hautagaien zerrenda egin zuten zerbitzu juridikoek eta bost hautagaitza horietatik bat baztertu zuten ordenantzan jasota dagoen moduan, lehenago ere aintzatespen hori jaso zuelako.
Lauko zerrenda hori hirura jaitsi zuen Udaleko alderdietako bozeramaileen batzordeak, osatutako zerrenda hiru hautagaietara murriztu behar baitzuten, beti ere ordenantza berriaren prozedura jarraiki. Zerrenda hau ausaz aukeratutako herritarren batzordearen esku utzi zen eta berak erabaki du DYA izatea 2024ko omendua.
Herritarren batzordearen ibilbidea
Udal errolda erabilita, eta betiere adina eta generoa kontuan hartuta, zozketa egin zen 16 urtetik gorako biztanle guztien artean 800 pertsona aukeratzeko. Pertsona hauek informazio-gutun bat jaso zuten, eta gonbidapena onartu zutenak asko izan zirenez, bigarren zozketa egin zen. Guztira 19 pertsonak hartu dute parte talde honetan.
Talde honek maiatzaren 8an eta 15ean bilerak egin ditu. Lehenengoan alkateak ongi etorria eman eta aukeraketa egiteko enkargua egin zion taldeari. Ondoren, herritarrak eta prozesuaren dinamizatzaileak bakarrik gelditu ziren eta behin omendua aukeratzeko irizpideak aztertu eta adostuta ezagutu zuten bozeramaleen batzordeak hautatutako hirukoa.
Bigarren saioan, berriz, aukeraketa egin zuen herritar taldeak eta, argudioak adostuta, bileraren bukaeran agertu ziren udal alderdien ordezkariei jakinarazi zieten euren erabakia. Herritarrek hartutako erabaki hau maiatzaren 28an egingo den plenoan ere jakinaraziko da.