Opera protagonista izango da ostiralean Errenteriako Musika Bandak eta Marife Nogales mezzosopranoak eskainiko duten kontzertuan

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Iñaki Queralt, Herri Arte Eskolaren lehendakaria; Marife Nogales mezzosopranoa eta Alain Ayerdi, Errenteriako Musika Bandaren zuzendaria.

Ostiral honetan, martxoaren 17an, 20:00etan, Errenteriako Musika Bandak Marife Nogales mezzosopranoarekin batera eskainiko duen opera kontzertua izango da Fatimako elizan, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean. Sarrera doakoa da, edukiera bete arte.

Mezzosopranoa Errenteriako Musika Bandarekin batera aritu zen iazko Atlantikaldian, ‘Astor Piazzola Atlantikoa zeharkatuz, Argentinatik Euskal Herrira itzuliko diasporan’ kontzertuan. Oraingoan, mikrofonorik gabe abestuko duela da erronka. Aurkezpenean, Nogalesek kontatu du Atlantikaldian eskainitako kontzertuaren egunean bertan proposatu ziola Alain Ayerdik ostiralean honetan eskainiko duten kontzertua prestatzea, eta ez zuela zalantzarik izan. Era berean, Bandarekin lan egiteko erraztasuna eta bere jarrera azpimarratu ditu.

Bestalde, Ayerdik azaldu du ostiralean interpretatuko dutena errepertorio zaila dela Bandarentzat, orkestrarako programa bat delako, eta gakoa moldaketetan dagoela, Bandak abeslaria lagundu behar duelako, bere ahotsa estali gabe. Zuzendariaren hitzetan, dramatismo, lirismo eta indar handiko musika izango da, opera gustuko duenarentzat polita, baina operan oraindik hasi ez diren entzuleentzat ere atsegina eta erraza.

Bestalde, Iñaki Queraltek, Herri Arte Eskolako lehendakariak, eskerrak eman dizkio Bandari operarekin ausartu direlako. Ostiraleko kontzertuak gauza berriak egiteko grina beste behin ere erakusten duela adierazi du. Era berean, pozik agertu da Atlantikaldiak, proposamen politak eskaintzeaz gain, sinergiak sortzen dituelako, kasu honetan bezala.

Marife Nogalesi buruz

Marifé Nogales mezzosoprano andoaindarrak Maite Arruabarrena errenteriarrarekin eta Ana María Sánchez, Alejandro Zabala eta Maciej Pikulskirekin egin zituen kantu ikasketak, besteak beste, Musikenen. Jaialdi eta antzoki ospetsuenetan aritu da, hala nola ABAOn Bilboko Euskalduna Jauregian, Madrilgo Zarzuela Antzokian edo Sevillako Maestranza Antzokian, Alberto Zedda, José Ramón Encinar eta Eduardo López Banzoren zuzendaritzapean. Le nozze di Figaro, Rigoletto, Il barbiere di Siviglia, Il viaggio a Reims, Il trovatore, Parsifal, Don Giovanni, Die Zauberflöte, El gato montés eta Miquel Ortegaren La casa de Bernarda Albaren mundu mailako estreinaldian parte hartu du Peraladako jaialdian. Saison des semailles de Guridi grabatu du José Luis Estellésekin eta Otello de Verdi Friedrich Haiderrekin. Duela gutxi Bartzelonako Thaïs (Myrtale) eta Sevillako Adriana Lecouvreur (Madamigella Dangeville) filmetan parte hartu du. Teatro Real antzokian L ‘italiana in Algeri, Macbeth, La traviata, Madama Butterfly eta Dead Man Walking taldeetan hartu du parte.