Igandean izango da San Marko eguna

Datorren igandean, hilak 28, San Marko Eguna ospatuko da San Marko gotorlekuaren inguruan. Ospakizuna antolatzeko, aurten ere, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean aritu da Udala eta hala osatu dute erromeria giroko egitaraua. Beti Prest elkartea, CAR, Doike Musika eta Dantza Kultur Elkartea, Herri Arte Eskolako trikitixa eta dultzaina taldea, herriko trikitilariak, Udal txistulari taldea, Xenpelar Bertso Eskola eta Zamalbide Auzo Elkartea dira elkarte horiek.

Eguneko festa izango da eta antolatzaileek egun parte-hartzaile eta herrikoia izatea nahiko luketela adierazi dute. Horretarako, herriko hainbat elkartek urtean zehar garatzen dituzten jarduerei lekua ematea izan da programazioaren ardatz nagusietariko bat.

Gainera, bertako produktuen azoka ere egongo da; jaki postuak ezarriko dituzte gotorlekuaren kanpoaldean eta, barnealdean, euren lekua edukiko dute bestelako artisautza produktuek. Eta bertaratutakoek jateko eta edateko aukera eduki dezaten kantina jarriko du Zamalbide Auzo Elkarteak.

Aipagarria da, eguraldiak laguntzen ez badu gotorlekuak berak hartuko dituela egitaraua osatzen duten ekintzak herritarrek egunaz gozatzen jarrai dezaten.

Egitaraua:

  • 10:30 Erromeria martxa San Markora Foru Plazatik abiatuta; herriko trikitalarien eskutik
  • 11:00etatik aurrera San Marko igoeraren helmugaratzeak CAR elkartearen eskutik
  • 11:30: Herri kirolak
  • 13:00: Bertso saioa Xenpelar Bertso Eskolaren eskutik
  • 14:30 Haur Jolasak
  • 16:00: Dantzaldia Udal Txistulari taldearen eskutik
  • 16:30: Txokolatada Zamalbide auzo elkarteak eskainia
  • 17:00: Muxikoak Beti Prest taldearen eskutik

Halaber, goiz osoan zehar, Herri Arte Eskolako trikitixa eta dultzaina taldea eta Doike Musika eta Dantza Kultur Elkartea arduratuko dira erromeria girotzeaz.

Autobus zerbitzua

Era berean, festara bertaratzeko, autobus zerbitzu berezia eskainiko zaie herritarrei Morrongileta kaleko geltokitik San Markoraino.

  • Morrongileta kaletik irteerak: 10:00etatik 13:40era, 20 minuturo. 16:00etatik 18:40era, 40 minuturo.
  • San Markotik irteerak: 10:20etik 14:00etara, 20 minuturo. 16:20etik 19:00etara, 40 minuturo.

Erakusketa eta bisita gidatuak

Erromeriarako espreski sortutako programazioaz gain, bisitariek aukera edukiko dute ‘Aizpitarte bidegurutzean’ erakusketa ikusteko eta gotorlekua eta haren ingurunea esploratzera gonbidatzen duten bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena emanda. Horretarako, interesdunek turismoa@errenteria.eus helbidera idatzi edo 943 449 638 zenbakira deitu beharko dute.