Kultura podcast

Data: 2022ko martxoa-ekaina

Sorkuntza prozesuko bidaia-lagunak:

  • Koldo Mitxelena ikastetxeko Lh4 mailako ikasleak
  • Cristina Guerrero artista

Proiektua

Kultura Podcasta herriko ikastetxeekin sortutako programa da; bertako kultur ekitaldi eta proposamenei buruz hitz egingo duena. Bertan 10-18 urte bitarteko eskola ezberdinetako gazte taldeek herrian kulturaren alorrean egiten diren egitasmo ezberdinak aztertzen dituzte.

Aurkezpena

Kultura Podcasta herriko ikastetxeekin sortutako programa da; bertako kultur ekitaldi eta proposamenei buruz hitz egingo duena. Bertan 10-18 urte bitarteko eskola ezberdinetako gazte taldeek hilero herrian kulturaren alorrean egiten diren egitasmo ezberdinak aztertzen dituzte.

Parte hartu nahi duen eskola bakoitzak koordinazio talde bat izango du, irakasle eta ikaslez osatua. Koordinazio taldeak kultura alorrean momentuan lantzen ari diren proposamen guztien informazioa jasoko du eta ziklo bakoitzak landuko duena zehaztu ondoren, programaren gidoia sortzen da, Lekuonako bitartekariekin adostuta.

Helburuak

  • Eskoletako gazteekin herriko Kultura alorreko programazioa eta honen bitartez sortzen diren gai ezberdinen lanketa bat egitea.
  • Eskoletatik sortzen diren kultura egitasmo ezberdinak herriko kultura saileko gune eta protagonista ezberdinekin lotura sortzea.
  • Herriko hainbat gune eta baliabide teknikoei erabilera ematea.

Parte-hartzaileak

Taldea: Koldo Mitxelena ikastetxeko LH4 mailako ikasleak.

Eragileak:

  • Lekuona Fabrikako liburutegia eta bertako lantaldea.
  • Herri Arte Eskola.
  • Herriko eragile eta artistak: Cristina Guerrero

Lan plangintza:

Kultura Podcast proiektua. Lehen saioa (2022/03/01 – 2022/06/30)

  • Martxoaren 3an lehen kontaktua egin dugu Koldo Mitxelenako LH4 mailako arduradunekin.
  • Martxoaren 24an bilera bat izan dugu, proposamenak aurkeztu eta gidoi posible bat azaltzeko. Podcasta ikastetxearen “Koadro bat Testu Anitz” proiektuaren baitan egitea proposatu zaigu eta hau baloratu ondoren honekin aurrera egitea erabaki dugu .
  • Maiatzak 5ean jaso dugu Koldo Mitxelenako irakasleen proposamena; Cristina Guerreroren Errenteriako artistaren “Matrioska” lana aukeratu zuten haien ‘Koadro bat testu anitz’ proiekturako, eta Podcastaren grabaketa egiteko maiatzak 16 eta 20 bitarteko egunak proposatu dituzte.
  • Proposamena:
    • Ikasleek artistari elkarrizketa bat egin.
    • Gaiaren inguruan idatzitako ipuin baten irakurketa dramatizatua.
    • Obran lantzen diren gaiak direla medio (amatasuna, belaunaldi ezberdinak) ikasleen ama eta amonak bildu nahi ziren beraien tartetxoa izan zezaten podcastean. Liburu gogokoenak…
  • Lekuona Fabrikako Arantxa eta Aldarekin hitz egin ondoren irratsaio formatuko elkarrizketa 2. solairuko plaza horia eta gorriaren arteko espazioan antolatzea erabaki dugu. Hiru mahaiez osatutako elkarrizketarako gune bat eta aurrean 60-70 ikasleentzako tokia antolatu ditugu.
  • Bestalde, HAE-ko irakasleekin bildu gara alderdi teknikoei buruzko minimo batzuk ikasteko. Maiatzaren 18an Jon Berruezorekin ‘zoom’a erabiltzen ikasi dugu, eta maiatzaren 24ean Asier Lopezek irrati gela erabili eta audioak editatzen.
  • Ekainak 3an Herri Arte Eskolan bildu gara Podcasteko beste atalak bertako irrati estudioetan grabatzeko.

Podcastaren atalen laburpena

  1. Cristina Guerrerori elkarrizketa Lekuonako Plaza Horian (maiatzak 20): Koldo Mitxelenako 60 ikasle eta 4 irakasle bildu ditugu Lekuonako plaza horia eta gorriaren artean sortutako espazio batean. Bertan ikasleek lehenik “koadro bat testu anitz” proposamena aurkeztu dute, aurten herriko Cristina Guerrero artistaren “Matrioska” lanean oinarritzen dena. Aurretik ikasgelan adostu eta entsaiatutako testu bat ekarri dute eta hainbat ikaslearen artean ekimena, artelana eta artistaren aurkezpen bat egin ondoren artistari elkarrizketa bat egin diote. Ekimenak 90 minutuko iraupena izan du. Irratsaioaz gain Cristina Guerrerorekin podcasterako beste atal labur bat grabatu dugu. Bere interesen inguruko Lekuonako liburutegiko funtsaren aukeraketa bat egitea proposatu diogu eta aukeraketa honen aurkezpen txiki bat egin du podcasterako.
  2. Liburutegiko langileekin elkarlanean sortutako podcast atala: Cristina Guerreroren “Matrioska” lana oinarri hartuta bertan lantzen diren gaien inguruko aukeraketa bat egitea proposatu diegu liburutegiko lankideei. Gai bezala “amatasuna”, “zaintza” edo “generazioak” hartuta liburutegian aurki ditzakegun liburu ezberdinen iruzkina grabatu dute podcasterako..
  3. Koldo Mitxelenako LH4ko ikasleek sortutako ipuin, historio eta Haikuen grabaketa: HAEko irrati grabaketa estudioan egin da. Gaiaren inguruan irakasle nahiz ikasleek bi ipuin, Haiku (kultura japoniarretik datozen poesia laburrak) batzuk eta narrazio ezberdinak grabatu dituzte HAEko irrati gelan.

Lorpenak/berrikuntzak

  • Koldo Mitxelenakoek haseratik Kultura podcasta beraiek urtero lantzen duten “koadro bat testu anitz” ekintzara lotzea proposatu digute. Hau ikusita, eta lehen podcast-a izanda, beraien lanketara moldatzea erabaki dugu, harremanak eraikitzen hasteko ideiarekin. Ez da hasieran proposatutako herriko kultura ekimenen podcastaren ideia, baina interesgarria iruditu zaigu aukeratu duten artelana herriko artista baten pintura lan bat izatea, honen bitartez Lekuonako espazioak, liburutegiko funtsa eta Herri Arte Eskola biltzeko aukera ikusi dugularik.
  • Ikastetxeko balorazioa oso positiboa izan da, beraien hitzetan eraginkorra suertatu baida, ahozkotasuna ez ezik, irakurmena, idazmena eta beste hainbat testu mota lantzeko ere. Zuzeneko elkarrizketa eta ondoren grabazio estudiora joateko aukera eskaini izana ere oso positibotzat jo dituzte, izan ere, jarduerak testuinguru errealetan txertatuta motibazioa biderkatzen baita beti. Laburbilduz, oso baliabide egokia eta aberasgarria iruditzen zaie, lanerako aukera handiak ematen dituena.